Oihaletxea

Lander Garro

Aurreko astean bideo bat jaso nuen guasap bidez. Baionako Etxepare Lizeoko ikasle batzuek egin dute, eta hasieran haietako batek zera esaten du: «Dakizuen bezala, Frantziak ez dauku azterketak euskaraz pasatzen uzten». Bada, nik ez nekien; nola azterketak? Ze azterketa? Bideo horretan bertan ere aipatzen dute aurten Korrikak «Azterketak euskaraz» mugimendua omentzea erabaki duela.

Kasualitatez, asteazkenean Lander Garrok Korrikarako prestatu duen dokumentala, Ohialetxea, eman zen Oñatiko kultur etxean. Gainera, Lander bertaratu zen solasaldia konpartitzeko, eta hara joan nintzen.

Dokumentala ikusirik, jakin nuen Iparraldean ikasleek bi azterketa pasatzen dituztela: brebeta, DBH3 amaieran, eta baxoa, gure (Hegoaldeko) selektibitatea litzatekeena. Kontua da ikasleek ez daukatela azterketa horiek euskaraz egiteko aukerarik. Nahiz eta beti euskaraz ikasi izan (eta bizi).  Hau aldatzeko sortu zen «Azterketak euskaraz» mugimendua, non irakasleek, ikasleek eta familiek parte hartzen duten. Panorama ez da ona: lan asko eta emaitzarik ez. Ez dut dokumentala osoa azalduko, baizik eta ikustera animatuko zaituztet: ordu erdi inguru irauten du, arina eta oso interesgarria da.

Ezin dut azaldu nire harridura dokumentala ikusi eta Landerri hainbat azalpen entzun ondoren. Alde batetik: nola da posible azterketa horiek euskaraz egin ezin izatea? Beno, egia esanda eta zoritxarrez, hori ez zait hain arraroa iruditzen. Honek, aldiz, bai: nola liteke nik orain arte ez jakitea? Eta Iparraldeko hainbeste gauza ez ezagutzea? Garrok berba egin ahala, nire harridura gero eta handiagoa zen. Gezurra dirudi herrialde bera izatea.

Aitortu behar dut nire ezjakintasunak lotsa eman zidala. Oihaletxea dokumentalak begiak ireki dizkit eta Iparraldeari buruz gehiago jakitea proposatu diot neure buruari. Interneten eta berehalako komunikazioaren garaian, ezin da hain zaila izan, ezta?

Korrikako webgunean hainbat informazioa aurki dezakezue, baita dokumentala ere. Baina pantaila handian ikusteko eta, gainera, zuzendariarekin hitz egiteko aukera baduzue, ez utzi ihes egiten!

Bukatzeko, eskerrik asko Lander Garrori eta Aekako Julen Iriondori Oñatira aukera ekartzeagatik.

Utzi iruzkina

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez